Golf-zelaia natura-edertasun handiko toki pribilegiatuan dago, Arabako Mendialdean, Izkiko natura-parkearen ondoan. Gal zaitez bazter bikain honetan…

Izkiko natura-parkea

Izki bailararen goialdeak 700 eta 800 metroren arteko altitudea dauka, eta Arabako ekialdean dago. Iparraldean, Vitoria-Gasteizko mendiekin egiten du muga, eta, hegoaldean, Kantabriako mendilerroarekin. Erliebe leuna duen eta hondar-lurrak dituen toki zabala da, batez ere kareharrizko mendiek inguratuta dagoena. Kota altuena Kapildui mendiak dauka (1.177 m), eta, besteak beste, San Kristobal, Belabia, Muela eta Mantxibio mendiak daude bertan. Natura-parkearen barrualdean, izen bereko haitzartearen gainean, Korres herri txikia bakarrik dago. Parkearen periferian, aldiz, beste batzuk daude; hala nola, Durruma Kanpezu, Kinta, Urturi, Markinez, Maeztu edo Apinaiz. Horietan, ehun urtetik gorako gaztainondo handiak dituzten unadak aurki ditzakegu.

Izki ibaiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du bailararen erdigunea, eta Ega ibaira isuriko diren erreka ugariak ibairatzen dira bertara. Aparteko baso-paisaia baten aurrean gaude, basoaren zati handi bat (3.500 hektarea inguru) sekulako ameztia baita: zalantzarik gabe, Europako garrantzitsuenetako bat. Amezti-basoez gain, pagadi onak daude parkearen alde altuetan, bai azidofiloak, bai eutrofikoak. Bestetik, erkameztiak, erriberako galeria-basoak, amezti barruko urki-zuhaizti aitzindariak eta abar daude.

Hain ongi kontserbatutako inguruan, tokiko fauna ere halaxe dagoela pentsa dezakegu. Basoen artean, zuhaixka-landareak eta landare belarkarak dituzten eremuak daude. Ibaiak eta horren errekek, hezegune txikiek, gandorrek eta abarrek habitat-multzo aberats eta anitza osatzen dute. Harraparien artean, gabiraia, zapelatza, sugezale europarra eta beste hainbat aipa ditzakegu. Hala ere, parkeko harribitxi ornitologikoa okil ertaina da, populazio iberiko garrantzitsuena hemen duen okila. Urtxakurra, muturluze piriniotarra eta bisoi europarra aipatu dira, baina basokoak dira ugaztun ugarienak: azeria, basakatua, lepazuria… Apo pintatu iberiarra, baso-igel jauzkaria eta gailurretako uhandrea dira alde honetan bizi diren anfibio-espezie batzuk.

Kultur-ondarea

Kultur-ondare zabalak bailara eta mendi hauen historia transmititzen du: haitzuloek, ermitek, herrixka gotortuek, karobiek, gazteluek, arkeologia-aztarnek… Eta, amaitzeko, Erdi Aroko Korres herria dugu, parkearen barruan biztanleak dituen gune bakarra baita. Gastronomiak, artisautzak, festek, erromeriek eta hurbileko herrietako landa-etxeek areagotu egiten dute leku honenganako interesa.

Zailtasun eta luzera ezberdina duten 15 bideren sareak Izkiko bazter ederrak ikustea ahalbidetzen dio ibiltariari; bai eta bertako florari eta faunari begiratzea ere, edota lurralde honetan bizi izan ziren eta bizi diren izakien ohiturak eta kultura estimatzea. Intereseko hainbat gunetara, herritara, bailaratara, basotara eta abarretara eramaten dute bide horiek bisitaria.

Isilik ibiliz gero, ametsen gerizpean, okil ertainaren kantua edo baso-igel jauzkariaren korroka entzun daitezke. Zorte pixka batekin, basurde sendo bat ikus daiteke une labur batez.

¡ Contáctanos por WhatsApp en el +34 945 37 82 62 !+ info