Bertako kaleetan galtzea da Gasteiz ezagutzeko modurik onena. Ireki iezaiozu bihotza hiri jator honi! Arnasa sakon hartu eta begiak ixteko bazter majikoak… Ikusi egiten duzu, sentitu…

Vitoria-Gasteiz: ikusi egiten duzu, sentitu...

Toki gutxik daukate, Vitoria-Gasteizek bezala, izen-abizena. Nafarroako Antso VI.a erregeak eman zion “Nueva Victoria” izena, 1181. urtean sortu baitzuen, Gasteiz herri primitiboak okupatzen zuen muinoan. Lehen urte haietan, harresitutako hiribildu bihurtu zen jada, eta Nafarroako Erresumako defentsiba aurreratua irudikatu zuen. 1431n, Gaztelako Juan II.a erregeak hiri titulua eman zion hiribilduari. Forua da hiriaren ezaugarri historiko propioetako bat. Horren bidez, baldintza bera ematen zitzaien biztanle guztiei, nobleen eta plebeioen artean bereizketarik egin gabe.

Egun, Vitoria-Gasteiz atsegina eta erosoa da. Bizitzeko dago diseinatuta; guztia dago hurbil. Oraindik ere, Erdi Aroko trazaduraren zati handia gordetzen du, arbendola itxura bitxiarekin eta harresiaren hondarrekin batera. Kaleen izenek –Aiztogile, Errementari, Pintore, Hedegile…– bertan garatzen zen gremio-jarduera gogorarazten dute. Gasteiz zaharra, gainera, multzo historikoa ere bada.

Gasteizek badu beste harribitxirik ere: lorategi eta berdegune ugari dauzka. Horiei esker, European Green Capital 2012 saria jaso zuen, eta, horren bidez, Europa osoan ingurumenarekin konpromiso handienetakoa duen hirietako bat Euskadiko hiriburua dela aitortu zen. Eraztun Berdea hiriaren perimetroa da, sei parke handik osatzen dutena. Bada, oinez edo bizikletaz ibil daiteke bertan. Parkeetako batek, Salburuak, migrazio-paseetan hegazti barietate asko hartzen dituzten urmaelak dauzka. Vitoria-Gasteizek ‘Biosphere Responsable Tourism’ nazioarteko ziurtagiria jaso du, helmuga turistiko jasangarria dela erakutsiz.

Gastronomia miniaturan

Hiriburuak oso atsegin du gastronomia, horren dimentsio guztietan. Horregatik, Espainiako Hiriburu Gastronomikoa izatea lortu zuen 2014an. Goi-mailako sukaldaritzako zaporeak miniaturan aurki ditzakegu pintxo anitzetan, eta, era berean, plater onenak dasta ditzakegu jatetxe tradizionaletan zein abangoardiako jatetxeetan. Beti, txakolinarekin edo Errioxako ardo onenekin lagunduta. Arabako Errioxako upeltegi ospetsuenetako batzuk ezagutzeko esperientzia interesgarriarekin uztartu dezakezu hirirako bisita.

Bide-gurutzaketa batean iltzatuta dagoenez, puntu estrategiko garrantzitsua izan da historian zehar; bai alderdi militarrean, bai merkataritza- eta kultur-arloan. Erromatarren garaitik jada, Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzada Arabatik igarotzen zen garaietatik, alegia, lur horiek ez diote inoiz utzi komunikazio-ardatz izateari Iberiar goi-lautadaren eta Europaren artean. Historia bizia duen hiria da, eta monumentu-ondare baliotsuan islatzen da hori. Bertako jendearen izaera dela-eta, “oso prestua eta oso leiala” titulua dauka. Egun, ia 250.000 biztanle dauzka Vitoria-Gasteizek.

Ireki iezaiozu bihotza hiri jator honi! Vitoria-Gasteiz: ikusi egiten duzu, sentitu…

Tú opinión nos importaEncuesta de satisfacción