
Izki Golfetik urrats bakarrera… xarmaz jositako monumentu-herriak, upeltegi txiki xumeak eta eraikin handi abangoardistak, pasieran ibiltzeko eta galdutako lasaitasuna berreskuratzeko mahastiak…
Arabako Errioxa, upeltegi artean
Bi gorabehera geografiko argik markatzen dituzte iparraldean eta hegoaldean dituen mugak. Iparraldean, Kantabriako mendilerroak eta Toloño mendilerroak egiten duten harresi naturala. Hegoaldean, Ebro ibaiak bereizten du aldameneko Errioxa autonomia erkidegotik. Arabako Errioxak mikroklima partikularra dauka, mahatsondoak landatzeko mesedegarria oso. Kantabriako mendilerroak kantauriar eraginetatik eta horko haize hotz eta hezeetatik babesten du Arabako Errioxa. Mahastiak hegoaldera begira daude, eta, ondorioz, lehorrak eta beroak dira. Horri esker, mahatsondoak hobeto aprobetxatzen du beroa, eta ardoen kalitatea ezin hobea da.
Erromatarrak klimarengatik eta orografiarengatik jarri ziren bizitzen Arabako Errioxan. Erdi Aroan, Nafarroako Erresumarena izan zen, eta, azkenik, Gaztelako Erresumari atxiki zitzaion XV. mendean. Antzinako aztarna ugari daude. La Hoya herria horren adibide argia da, erromatarren aurreko arkeologia-aztarnategi garrantzitsua baitago bertan. Mila urtetik gorako aldia hartzen du, Brontze Arotik Burdin Aroaren amaierara artekoa. Beroien etnia zeltiberiarraren biztanle-gune garrantzitsuenetako bat izan zen. Ezustean aurkitu zuten, 1935ean, eta indusketa-programa zabal eta luzeen xede izan da.
Ardoaren kultura
Hemen, Erdi Aroko herriak mahasti amaiezinen itsasoan dauden irlak dira. Hemen, ardoa eta kultura sinonimoak dira. Erdi Aroko herriek eta mahasti ikusgarriek bat egiten dute ardoaren zaporeak eta lurrinak gozatzeko orduan. Gozamen ikaragarria da Arabako Errioxako herrietako kale ongi trazatuetan galtzea. Kale horien artean, gainera, jauregiz eta armarridun harrizko etxez jositako kalezulo pintoreskoak daude. Jendea ardoarengatik eta ardoarentzat bizi da lur honetan. Kultur-ondarea, trikuharriak, ardoterapia-spak, olio-errotak, oliba-olioa, hotela duten upeltegiak, diseinuko hotelak, landa-ostatuak, hotel txiki xarmagarriak eraikin bitxietan… Arabako Errioxa, gainera, helmuga liluragarria da mahasgintzaren eta ardogintzaren maitaleentzat, 11.500 hektarea baino gehiago hartzen baitituzte mahastiek. Ardoak markatzen ditu Arabako Errioxako herri askoren bizitza eta historia. Upeltegi batzuek abangoardiako arkitektura-estiloak eskaintzen dizkiete bisitariei; hala nola, Gehry arkitektoaren Riscal upeltegiek eta Calatravaren Ysios upeltegiak. Upeltegi bakoitzean, ardoa egitearen sekretuak erakutsiko dizkizute sotolariek. Hemen jaiotzen eta hazten baita ardoa; hemen dauka zaporerik onena.